XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HABE versus AEK

Siglatan erreztasunik ez duenarentzat, euskararen ikaste-irakaste mundutxo honetan ez dabilenarentzat, esango dugu AEK eta HABE herri hau alfabetatu eta euskalduntzeko sorturiko erakunde-koordinakundeak direla.

Gau-eskolen mogimenduaren ildotik jaiotako AEKren berri aspalditxotik geneukan; korrika kanpaina adibidez, euskaltegi berriak, herritako euskal eskolak, udalekuak... eta urtetan zehar hainbat eta hainbat ekinaldiren indarrez bereganatutako heldutasuna.

Guztiok jakingo duzuen bezala mugimendu hau herrikoia eta herritarra izan da orpotik hortzera, izate honek dituen alde on eta gaitzekin.

Milaka etsitaldi jasan behar izan ditugu euskara jakite hutsez beraren irakaskuntzan konprometituak ibili garenok, hamaika aldiz aspertu eta erre ditugu ikasleak, mila bider toki faltan, dirurik gabe (ikasleak ahal zen gutxiena ordainduz, irakasleok ia kobratu gabe...), metodorik gabe, programaketarik gabe, e.a., e.a., e.a.

Euri eta ekaitz asko ikusi dituzte geure kaleek Rikardo Arregik lehenbiziko urratsak emanez gerotik.

Oro aldatu da ordudanik.

AEKak oinarrizko azpiegitura bat lortu du, euskararen mailaketak, klaseen programaketak, eraketak, irakasleen prestaketak eta profesionalizatzea lortu ditu, Urraspideak, material osagarriak, hormairudiak e.a. atera ditu, liburuak argitaratzera ere iritsi da.

Hau guztia ez litzateke posible izanen ez balitz ikasleek, beti bezala ordaindu izan dutenagatik, enpresa, kajaorros eta horrelako etatik jasotako laguntzengatik, ez balitz instituzio politikoetatik bereganatutako subentzioengatik.

Bainan aipatu bezala gauzak aldatu zaizkigu, onerako edo txarrerako, bainan aldatu dira.

Botere erakundeetan murgildutakoengandik baten batek baino gehiok zerbait espero zuen edo genuen.

Euskararen oinarrizko eta derrigorrezko planifikazio bat gutxienez: Hizkuntz planifikazioa.

Eta hau ez du egin Eusko Jaurlaritzak.

Jaurlaritzako kultura saila HABEk argitaratutako Helduen Euskalduntzerako Programazioa ez da inolaz ere hizkuntz plangintza.

Mailaketa bat agertzen dela?, konforme, bainan eduki mailaketa ez besterik agertzen da, lehenengo mailan, adibidez, zein egitura lantzera iritsi behar den esaten da, ez ordea nola, zenbat ordu sartu behar ote ditugun ikasgai bakoitzarekin, edo nola komeni diren ordu bakoitzean jokuak eta egitur lantzeak tartekatzea.

AEKk aldiz argitaratzeke du lehen mailen plangintza osoa.

Jaurlaritzako euskararako zerbitzuak eskolak emateari ekin dio.

Eta justu hementxe dugu koska, zeren argi adierazten baitu ekintza honek kultur sailan Jaurlaritzak daraman politika.

Hau aldamenekoa itotzearen politika da, trabak eta zankadilak jartzearena, edo, azken finean gauza bera dena, laguntzarik ez eskeintzearena.